Saltatu estekak

Transizio energetikoa, demokrazia?

Kepa Olaiz

Transizio energetikoaren izenean autoristarismoa gainditu zaigu gure lurralde osoan, denak balio du gure mendi gailurretan parke eolikoa nonahi eraikitzeko eta eguzki plakak Arabako lurraldean hektarea askotako soruetan jartzen joateko.

Guzti honen joerak eragin larriak sortzen ditu gure espazio naturalean eta zer esanik ez gure lehen sektorean izango duen lurren galeran non bere bideragarritasuna larriagotzen duen eta honekin batera bertan bizi diren herri ttikietako biztanleen baldintzak gogortzen direlarik, herri ttikien ustutze hori geldi ezina bihurtuaz.

Gogoratu behar degu gaur egun, guzti hau gertatzen ari dela Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu gabe dagoenean, era basatian eta interes ekonomiko handien enpresen eskutik datozela. Hauek markoa eta abiadura markatzen dituztelarik, beraien makroproiektuak inposatzeko, ZigoitiBaik gogoratzen digu Solaria enpresak, Araban bereganatu nahi dituen lurrak (1.200hektarea eguzki plakak jartzeko plana).

Transizio energetikoa eta ekologikoa ez da bakarrik teknologia bat aldatzea eta kito, ez da bakarrik energia fosila berriztagarriekin ordezkatzea, sistema kapitalista bera aldatzea eskatzen du bestela ez dago benetako irtenbiderik, sistema berak hazkundea infinitua behar du bizirauteko eta horretarako energia gehiago eta baliabide gehiago behar ditu, iturri desberdinetako energia guztiaren batuketaren bila dabil, petroleoa, lur arraroak, litioa, zilarra eta abar behar ditu.

Trump dugu adibide garbia, Gaza, Ukrania, Venezuela, Groelandia zeren bila dabilen eta gure kasuan Repsoleko J. J. Imaz, non “ze egoki konbinatzen dituen energia berriztagarriak” eolika makroproiektuak bultzatuaz “Domiko-Erreka” (Nafarroako lurraldean, Gipuzkoakin mugan egiteko duen asmoa) eta Venezuelako petroleoa hiru bider ekoizpena handitzeko proposamenarekin.

Autore batzuk diote historian zehar ez dela transizio energetikorik izan eta gaur ere sistemak bide berdinetik jarraitzen duela, hau da energi mota guztiak erabili nahi dituela(ikatza, petroleoa, gasa, nuklearra, berriztagarriak…) bere hazkunde ekonomikoa bermatzeko helburuarekin.

Transizio energetikoa eta ekologikoa bideratzeko behar beharrezkoa dugu gizarte zibilari, tokiko eragileari, udalei, nekazariei… parte hartzea bermatzea, inor kanpoan utzi gabe. Demokraziorik gabeko transizioa, ez da justua eta inklusiboa izango, ez da ekosoziala izanen.
Gizartean desberdintasuna areatuko du eta ingurumenean kalte larriak sortu.

Demokrazia sustatzeko eta partehartzea indartzeko oso interesgarriak direla iruditzen zait, tokiko herrietan eskalan sortzen ari diren “Komunitate Energetikoaren” figura, non aukera dagoen bertatik bertara energietaz hitz egiteko, eztabaidatzeko era komunitario batean eta behar den neurri horretan, tokiko proposamen berriak aurrera eramateko, alegia behetik gorako formatua bultzatuaz. Askotan ere bertako udalarekin elkarlanean.

Gutxi izan daiteke, baina badegu zer egina bide honetan, goitikan zer datorren zain egon gabe.

X