Saltatu estekak

Egia, justizia eta erreparazioa: Alternatibaren hitzaldi zikloa Martxoaren 3ko 50. urteurrenean

Gasteiz, 1976ko martxoaren 3a. Aste luzez kaleetan eta lantegietan mobilizazioetan aritu ondoren, egun horretan, milaka gasteiztar bildu ziren Zaramagako San Frantzisko elizan egindako asanbladan,. Arabako langile klaseak lan-baldintza duinen aldeko borrokan zegoen.

Hilabete haietan bereziki azpimarratzekoa izan zen emakumeen papera: zaintzak kolektibizatu zituzten, elkartasun sareak antolatu zituzten eta lan- zein gizarte-baldintza hobeen alde aktiboki parte hartu zuten. Haien inplikazioari esker, greba haiek mugarri bihurtu ziren Gasteizko mugimendu feministaren historian ere.

Martxoaren 3 hartan, Polizia Armatuak erabaki zuen, bere agintarien hitzetan, “historiako jipoirik handienean laguntzea”. Goizetik bertatik tiro egin zieten langileei. Arratsaldean, asanblada egiten ari zen San Frantzisko eliza oldartu eta bost langile erail zituzten: Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García eta Bienvenido Pereda Moral.

Errepresioa ez zen Gasteizen amaitu. Basaurin Vicente Antón Ferrero erail zuten eta, Tarragonan, Juan Gabriel Rodrigo Knafo.

Mende erdi igaro ondoren, hilketa haien arduradunak epaitu gabe jarraitzen dute, eta Espainiako Estatuak oraindik ez du gertatutakoaren erantzukizuna osorik bere gain hartu.

50 urte herri-borrokaz

50 urte betetzen dira herriak, Martxoaren 3ko biktimentzat, egia, aitortza eta justizia exijitzeko memoria eta borroka etengabea sustatzen dituenetik. Memoria horrek Jurramendiko gertakariak ere barne hartzen ditu —Gasteizko hilketetatik bi hilabete eskasera jazotakoak— eta 1978ko Sanferminetan piztutako indarkeria poliziala ere bai.

Mobilizazio sozial eta politikoari esker, alderdi, sindikatu eta erakundeek urratsak egin dituzte krimen haien aitortzan. Alternatibatik eskerrak eman nahi dizkiegu milaka herritarri, nekaezin aritu direlako gertakari hauek gure memoria kolektibotik ezabatuak izan ez daitezen.

Hitzaldi eta zinema-forumen zikloa

Urteurrenarekin bat eginez eta Alternatibak bere sorreratik landu duen memoria-ariketarekin koherentzian, hitzaldi eta zineforumen zikloa antolatu dugu, hainbat herritan egingo dena:

  • Martxoak 5 – Lizarra
  • Martxoak 9 – Orereta
  • Martxoak 10 – Basauri
  • Martxoak 11 – Agurain

Antolatutako ekimenen artean, bereziki nabarmendu nahi dugu gure kide Iñaki Martinekin berriki egindako elkarrizketa; bertan 1976ko langile-greben testuingurua aztertzen du eta justizia sozialaren aldeko hamarkadetako borrokari buruz hausnartzen du.

Memoria ez baita iraganeko ariketa hutsa, baizik eta oraina lehiatzeko eta etorkizun justu, egiazko eta erreparatzaile bat eraikitzeko tresna.

X