Alternatibako Mahai Feminista
Egungo sistema zisheteropatriarkala dela esaten dugu: genitalen araberako sailkapen binarioa ezartzen duelako; heterosexualitatearen presuntzioan oinarrituta bizi-modu heterosexualak erdigunean jartzen dituelako; eta antolakuntza kultural eta sozialean gizonen autoritatea, lidergoa eta pribilegioak gailentzen direlako. Eta koloniala dela ere esan behar dugu, Ipar Globaleko sexu- eta genero-sistema Hegoalde globalean inposatzen duelako, tokian tokiko kulturak zapalduz.
Testuinguru horretan, gainera, askotariko zapalkuntzei arreta jarri behar diegu subjektu guztien beharrei erantzuteko eta, noski, benetan eraldatzaileak diren politikak garatzeko.
LGTBIQ+ mugimenduaren borroka luzearen ondorioz hainbat eskubide lortu dira. Ez bakarrik legeetan: kalean ere, ikusgarritasunaren bitartez, sistema honetan arrakalak irekitzea lortu da. Gaur egungo testuingurua ezin litzateke ulertu azken hamarkadetan aurpegia eta gorputza jarri dituzten militanteak gabe.
Arriskugarritasun Sozialaren Legeari, HIESaren pandemiari, estigmari, ikusezintasunari, gure bizitzen aitortza ezari, gure bizi-proiektuak garatzeko aukera mugatuei, indarkeriari eta beste hainbeste zapalkuntzari aurre egin behar izan diegu, eta gaur egun ere aurre egiten ari gara.
Testuinguru honetan, instituzioen eta gizartearen jazarpenaren jomuga izatetik merkatu-hobi bihurtzera igaro gara. Horren adierazle dira egun hauetan ortzadarraren kolorez janzten diren enpresak eta erakundeak: LGTBIQ+ pertsona migratuen eskubideak urratzen dituen Espainiako Gobernua; Osakidetzaren bidez trans pertsonak patologizatzen jarraitzen duen Eusko Jaurlaritza; edo turismoa erakartzeko Pride ekimenak sustatzen dituen Bilboko Udala, besteak beste.
Enpresen artean, azpimarratzekoak dira Josu Jon Imazen Repsolen “Proud at Repsol” boluntario-taldea, Prideetan parte hartzeko Vueling airelinearen eskaintzak, BBVAren LGTBIQ+ langile eta aliatuen “Be Yourself” taldea edo Idealista etxebizitza-espekulaziorako atariaren publizitate-kanpainak, beste batzuen artean.
Agerikoa da edozein politika publiko garatzerakoan ezinbestekoa dela politika horiek zuzenduta dauden kolektiboekin elkarlanean aritzea. Gainera, modu zabalean egin behar da: elkarte ezberdinen proposamenak entzunez, profesional aliatuen ekarpenak kontuan hartuz eta neurri horiek gauzatzeko borondate politikoa erakutsiz. Eta, noski, dagozkien aurrekontuez hornituz.
Azken asteetan EH Bilduk egoitzetan LGTBIQ+ protokoloak garatzeko proposamenak bultzatu ditu hainbat instituziotan. Arau zisheteropatriarkala eraisteko urrats garrantzitsua da. Instituzioetako berdintasun-planetan aipatzen diren ikuspegi intersekzionalak hitzetatik ekintzetara eramateko aukera paregabea da, adina ere zapalkuntza-gurutzaketa bat delako. Eta, azken batean, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak konkistatzeko aurpegia eta gorputza jarri zituzten pertsonengatik ere egin behar dugulako.
Adineko LGTBIQ+ pertsonak ezin dira klandestinitatera itzuli. Haien eskubide guztiak bermatuak izan behar dira, eta haien behar espezifikoak aintzat hartuko dituen zaintza-sistema publiko bat behar dugu. Hori horrela izan dadin, instituzioek beren erantzukizunak hartu behar dituzte.
Protokoloak garatu behar dira, baliabideak eskaini eta zaintzaileen lan-baldintzak hobetu. Adineko LGTBIQ+ pertsonen zaintza ezin da zaintzaile aliatuen esku utzi; erantzukizun instituzionala da, eta ezin da langileen borondatearen edo sentsibilitatearen menpe egon. Eskubide hori bermatzea ezin da, inola ere, zaintzaileentzat lan-karga handiagoa izatearen kontura egin.
Norberak nahi duen bizi-proiektua amaierara arte garatzeko baldintzak ezartzea da harrotasuna. Guztiok ditugu zereginak eta ardurak honetan, eta erakundeei dagozkienak exijitu behar dizkiegu. Hor dago gakoa: eskubideetan oinarritutako politikak garatzea ala gure identitateei, desioei eta bizi-proiektuei salneurria jartzearen alde egitea.
Alternatibatik, herritarrekin eta LGTBIQ+ elkarteekin elkarlanean, testuinguruak eraldatzeko ekimenen alboan egongo gara, baita adinekoentzako protokoloak garatzeko ere. Ez dadila hau pinkwashing-aren beste adibide bat bihurtu; jar gaitezen denok lanean adineko LGTBIQ+ pertsonen bizitzak aintzat hartzeko. Zor diegulako. Ortzaharrez harro gaudelako.
Amaitzeko, gure herriko LGTBIQ+ genealogiaz oso harro gaudelako, eta etorkizuna bazterretan elkartzen garenon esku dagoelako, badakigu harrotasuna ez dela Pride. Horregatik, Euskal herriko hainbat eragilek bultzatutako Pride-ari Boikota nazioarteko kanpainarekin bat egiten dugu.
Batu herriz herri antolatutako asanblada, talde kuir, transmaribibollo edota LGTBIQ+ kolektiboetara. Segi dezagun eskubideak kaleetan konkistatzen. Jarrai dezagun arau baztertzaileari hortzak erakusten.