Urtarrilaren 3an Trumpen gobernua indarkerian oinarritutako mundu ordena berri bat ezartzeko estrategian berretsi zen munduaren aurrean. Venezuelari egindako alde bakarreko erasoa, 100 pertsona baino gehiagoren erailketa eta Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores diputatuaren bahiketarekin, inperialismoak bere helburua agerian utzi zuen: araurik gabeko mundu baten inposaketa, nazioarteko zuzenbidearen desagerpenarekin; eta diplomaziaren eta elkarrizketarako espazioen ordez mehatxu, inbasio eta gerren erabilera.
Venezuelan gertatutakoak aurrekari oso larria ezarri zuen. Caracas hiriaren bonbardaketak eta jarduneko presidente baten bahiketak nazioarteko arauak, itunak eta oinarrizko giza eskubideak desitxuratu zituen, erakunde aldeaniztunen eraginkortasun eza agerian uztearekin batera.
Urtarrilaren 3an agerian geratu zen gainbeheran dagoen sistema kapitalistak gerra hautatu duela bere ekonomiaren eta hegemoniaren erorrera saihesteko modu bakar gisa. Kubaren aurkako blokeo kriminala eta esku-hartze militarreko mehatxuak, Mexiko, Kolonbia eta Brasilen aurkako mehatxuak, eta noski, herri palestinarraren aurkako genozidioak, eskalada belizistaren adierazle argiak dira, gainbehera doan kapitalismoa sendotzeko helburu bakarrarekin.
Elkartasun Keinua Venezuelari taldetik herrien arteko elkartasunerako deia luzatzen dugu, Euskal Herriak Venezuelarekin dituen lotura historiko eta anaitasunezkoak aldarrikatuz. Venezuelaren aurkako erasoak eta mehatxuak gelditu eta Venezuelar herriaren eskubideak errespetatzea exijitzen dugu, argi eta ozen. Hori dela eta, Elkartasun Keinua Venezuelari taldetik, beste behin ere, Euskal Herri solidarioari dei egiten diogu datorren apirilaren 25ean, 13:00etan, Astigarragako (Gipuzkoa) frontoian egingo den Euskal Herria-Venezuela II. Elkartasun Topaketara etortzeko.
