Saltatu estekak

A11 Greba orokorra

Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!

Bada Euskal Herria ezaugarritzen duen eta gure indargune handienetako bat den zerbait: gure eskubideak kolektiboki defendatzeko antolatzeko, elkartzeko eta kalera ateratzeko dugun gaitasuna. Hamarkadetako borroka sindikal, feminista, sozial eta politikoaren bidez eraikitako gaitasuna da. Horri esker, aldarrikapen partekatuak mobilizazio handietan gauzatu eta gure gizartearentzat aurrerapausoak lortu ditugu.

Euskal herriak duen indargune haundienetako bat eskubideak kolektiboki defendatzeko antolatzeko, elkartzeko eta kalera ateratzeko dugun gaitasuna da. Hamarkadetako borroka sindikal, feminista, sozial eta politikoaren bidez eraikitako gaitasuna da. Horri esker, aldarrikapen partekatuak mobilizazio handietan gauzatu eta gizartearentzat aurrerapausoak lortu ditugu.

Greba langile klaseak eskubideak eskuratzeko eta zabaltzeko duten borroka-tresna da. Gure herriak ibilbide luzea egin du borroka horretan, eta gatazka sozial horien emaitza dira gaur egun ditugun lan eta eskubide sozialak. Eskubide horiek defendatzen jarraituko dugu.

2018an, 2019an eta 2023an, mugimendu feministak zaintzak eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean jartzea lortu zuen. Gaur egun, inork ezin du zalantzan jarri feminismoak egungo testuinguru politikoari egin dion ekarpen izugarria. Hala ere, beharrezkoa da oraindik ere emakumeak, sexu- eta genero-disidentziak, desgaitasuna duten pertsonak eta pertsona migratu eta arrazializatuak zapaltzen jarraitzen duen esparru ekonomiko, politiko eta soziala zalantzan jartzea eta haren aurka borrokatzea.

Gure mugetatik harago gertatzen diren injustizien aurrean mobilizatzeko gaitasuna ere erakutsi dugu. Palestinako genozidioaren aurka antolatutako greba- eta mobilizazio-egunek agerian utzi zuten badagoela basakeria salatzeko, erantzukizunak eskatzeko eta elkartasun internazionalista defendatzeko prest dagoen jendarte bat.

2026ko martxoaren 17an, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde egindako greba orokorrak berriro erakutsi zuen gure bizi- eta lan-baldintzen alde borrokatzeko, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa defendatzeko eta gure etorkizunaz erabakitzeko burujabetza aldarrikatzeko gaitasuna dugula.

Borroka desberdinak dira, bakoitza bere aldarrikapen eta protagonistekin, baina guztiek uste sendo bera dute oinarri: eskubideak ez dira bakarka eskuratzen, eta eraldaketa sozialek antolakuntza, konpromisoa eta indar kolektiboa behar dute. Datorren azaroaren 11n, hori berriro erakusteko aukera izango dugu.

Etxebizitzaren arloko larrialdi-egoera bizi dugu, eta etxebizitza duin bat eskuratzea gure gizartearen arazo nagusietako bat bihurtu da. Alokairuaren eta etxebizitzen salerosketaren prezioek eta espekulazioak gazteen emantzipazioa oztopatzen dute. Gainera, pertsona asko beren diru-sarreren neurriz kanpoko zati bat etxebizitza ordaintzera bideratzera behartzen dituzte, eta beste asko prekaritatean eta ziurgabetasunean bizitzera kondenatzen dituzte.

Gaur egun, etxebizitza langile klasearen pobretzearen eragile nagusietako bat da. Milaka pertsonak etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean, jabe handiek eta espekulatzaileek oinarrizko behar batekin negozioa egiten jarraitzen dute. Ez gaude arazo indibidual baten aurrean, erantzun kolektiboak eskatzen dituen gatazka politiko eta sozial baten aurrean baizik.

Erakundeetan egiten den lana ezinbestekoa da etxebizitzarako eskubidea bermatuko duten politika publikoak bultzatzeko eta etxebizitza negozio bihurtzen duten interes ekonomikoei aurre egiteko. Baina badakigu erakundeak, beren kabuz, ez direla nahikoa. Herri mobilizazioa eskubideak eskuratzeko eta benetazko eraldaketa sozialak gauzatzeko ezinbestekoa da.

Horregatik, azaroaren 11rako deitutako greba orokorra protesta-egun bat baino askoz gehiago da. Lan-arloko eta gizarte-arloko borrokak uztartzeko aukera da, soldatak, etxebizitza, zaintzak eta bizi-baldintzak gatazka beraren parte direla ulertzeko aukera. Izan ere, gatazkaren muinean bi galdera daude: nork erabakitzen du aberastasuna nola banatu, eta zer interesen mesedetan antolatzen da gure gizartea?

Bide horretan, greba batzordeak ezinbesteko espazioak dira gure lantokietan, auzoetan eta herrietan elkartzeko, eztabaidatzeko eta erantzun kolektiboa antolatzeko. Batzorde horien bidez, gizartearen ezinegona antolakuntza bihur dezakegu, pertsona gehiago batu eta azaroaren 11tik harago iritsiko den mobilizazioa eraiki.

Gure indarra ez datza egun batez jarduera eteteko dugun gaitasunean soilik, kolektiboki antolatzen garenean eraikitzeko gai garen guztian baizik. Azaroaren 11n, erakuts dezagun berriro antolatzen garenean, kaleak hartzen ditugunean eta kolektiboki borrokatzen garenean gauzak aldatzeko gai garela.

X