Alternatibako ordezkaritza batek azken egunotan saharar errefuxiatuen kanpalekuak bisitatu ditu, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurrena dela eta. Bidaia horren bitartez, saharar herriaren autodeterminazio eskubidearekiko konpromiso politikoa indartu eta lurraldeak pairatzen duen okupazio egoera salatu nahi izan dugu.
Bisitan zehar, ordezkaritzak kanpalekuetan dauden eragile politiko, sozial eta instituzionalekin hainbat topaketa egin ditu, saharar herriaren errealitatea lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, Alternatibatik berriro aitortzen dugu Fronte Polisarioaren lana saharar herriaren ordezkari legitimo gisa, eta bere independentziaren aldeko borrokari babesa adierazten diogu.
Agendak barne hartu ditu Saharar Erresistentziaren Museo Nazionalera egindako bisita —memoria historikoa gordetzeko gune nagusia—, baita RASD TV telebista publikoaren arduradunekin egindako bilerak ere, kanpalekuetan zein Marokok okupatutako lurraldeetan bizi den errealitatea ikusgai egiteko funtsezko tresnatzat jotzen dena.
Era berean, ordezkaritza preso eta desagertuen senideen elkarteekin (AFAPREDESA) eta minen biktimen kolektiboekin (ASAVIM) bildu da, saharar herriak bai okupatutako lurraldeetan bai erbestean jasaten dituen giza eskubideen urraketa larriak azpimarratuz.
Maila instituzionalean, Alternatibak Kanpo Arazoetarako Ministerioaren ordezkariekin eta Giza Eskubideen Batzorde Nazionalarekin (CONASADH) bilerak egin ditu, gatazkaren nazioarteko egoera eta eskubide zein deskolonizazio arloko erronkak aztertzeko. Halaber, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalarekin ere elkartu gara, berdintasun arloan egindako aurrerapenak eta emakumeek saharar herriaren antolaketa sozial eta politikoan duten funtsezko rola nabarmenduz.
Ordezkaritzak, gainera, Media Luna Roja Saharaui-arekin egindako topaketan Dajlako wilayan izandako azken euriteen ondorioak ezagutzeko aukera izan du; eurite horiek azpiegituretan kalteak eragin eta 1.500 familiaren elikagai hornidura galera ekarri dute, kanpalekuetako egoera humanitarioa are gehiago larrituz.
Bisita SEADen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan parte hartuz amaitu da, justizia, memoria eta deskolonizazioaren aldarrikapenez markatutako testuinguruan. Alternatibatik gure konpromiso irmoa berretsi nahi dugu saharar herriarekin eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidearekin, aldi berean Espainiako Estatuaren erantzukizun historikoa eta Marokoren okupazioa salatuz.