Alternatibako mahai feminista ·
Indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean, gutxitan begiratzen diegu modu sistematikoan eragiten diguten gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria zein sexu-genero disidenteen betikotzen duten indarkeriei. Hilabete honetan, edozein bizi-proiektu garatzeko funtsezkoa den eskubide bat dago eztabaidaren erdigunean: etxebizitzarako sarbidea. Hain zuzen ere, emakumeen bizitoki-egoera aztertzean agerian geratzen da genero-arrakala sakona dagoela. Azaroaren 25 honen harira, Alternatibatik egunero milaka emakume eta sexu-genero disidente kolpatzen dituen indarkeria isil eta estruktural bat salatzen dugu: etxebizitza duina eskuratzeko eta mantentzeko desberdinkeria sistematikoa.
Gaur egungo higiezinen merkatua ez da neutrala. Emakumeak zigortzen dituen sistema ekonomiko batean, soldata baxuagoen, behin-behinekotasun handiagoaren eta zaintza-lanak nagusiki bere gain hartzearen ondoriozko lanaldi partzialeko kontratuen bitartez oinarritzen da. Prekarietate hori sarrera-hesi gaindiezin bihurtzen da alokairuaren gehiegizko baldintzen aurrean (hala nola neurriz kanpoko fidantzak, abalak edo ez-ordaintzeen aurkako aseguruak), eta gizonekin alderatuta jabetzara iristeko zailtasun handiagoa dakar; oztopo hori are handiagoa da kolektibo zaurgarrienentzat, hala nola pertsona migratu, arrazializatu edo LGTBIQ+ kolektiboko kideentzat.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak argiak dira. Eustaten arabera, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 15,3koa da. Horri zaintzen eragin zuzena gehitu behar zaio: Eusko Jaurlaritzak kontziliaziorako laguntzei buruz dituen erregistroen arabera, erregistratutako azken ekitaldian lanaldia murriztu edo eszedentzia eskatu zuten 11.314 pertsonetatik 9.552 emakumeak izan ziren (% 84,4), eta 1.762 baino ez gizonak (% 15,6). Ondorioz, biztanleriaren erdia bere kabuz emantzipatzea edo etxebizitza bat mantentzea eragozten dioten baldintza ekonomikoetara baztertuta geratzen da.
Desberdinkeria hori zuzenean islatzen da etxebizitza publikoaren eskarian; izan ere, emakumeak dira nagusi babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) eskaeretan, bai alokairuan bai erosketan. 2024an bakarrik, emakumeek aurkeztutako alokairuko BOEen 34.931 eskaera erregistratu ziren, 2020an baino % 33 gehiago.
Beraz, babesgabetasun estruktural larriko egoera baten aurrean gaude, eta egoera hori are gehiago larritzen da faktore intersekzionalak sartzen direnean: emakume migratuek, arrazializatuek, dibertsitate funtzionala dutenek edo LGTBIQ+ kolektibokoek oztopo are handiagoak eta diskriminazio bikoitza edo hirukoitza pairatzen dituzte aterpe seguru bat lortzeko orduan.
Horregatik, Alternatibatik azaroaren 25 honetan arreta jarri nahi dugu emakumeok eta sexu-genero disidentziok emantzipazio eraginkorra lortzeko ditugun oztopoetan. Errealitate horren aurrean, honako hau eskatzen diegu erakundeei:
- Alokairu sozialeko etxebizitza-parke publikoa handitzea, egoera zaurgarrian dauden emakumeentzat, familia gurasobakarrentzat (ama bakarreko familientzat) eta indarkeria matxistatik atera direnentzat lehentasunezko kuota arinak ezarriz.
- Alokairuaren prezioak modu eraginkorrean arautzea eta sartzeko baldintzen benetako kontrola egitea, gehiegizko klausulak geldiarazteko.
- Berehalako bizitoki-alternatibak eta burokrazia paralizatzailerik gabeak etxe biolentoak uzten dituzten emakumeentzat, aldi baterako harrera-baliabideetatik harago epe luzerako irtenbideak bermatuz.
- Etxegabetzeen aurkako protokoloetan genero-ikuspegia txertatzea, adingabeak kargura dituzten edo ez dituzten emakume bakar bat ere ez dadila bere etxetik kaleratua izan alternatiba duinik bermatu gabe.
- Pertsona migratu, arrazializatu eta LGTBIQ+ kolektibokoen aurkako diskriminazioa behatzea eta horren aurka jardutea, bai ezohiko baldintza eta eskakizunen aurrean, bai kolektibo horien diskriminazioaren aurrean esku hartuz.
Azaroaren 25etan gogorarazten dugu emakumeen aurkako indarkeria higiezinen espekulaziotik eta erakundeen gelditasunetik ere gauzatzen dela. Bizitoki-independentziarik gabe ez dago benetako askatasunik: etxebizitzarako eskubidea bermatzea ezinbestekoa da indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzeko.