Saltatu estekak

Hitzak hazi

Joxemari Carrere Zabala

Har ezazu hitz bat

ez letra bat edo fonema bat

edo esaldi bat

edo lerro bat

hitz bakar bat har ezazu

eta landatu hazi bat nola

nahikoa izango du euria eta eguzkia

lur beltza

eta itxoitea

denbora luzez itxoin beharko duzu

hitzak motel hazten baitira

denbora behar dute

denbora luzea

baina ez ahantzi

non dauden landatuak

etzazu ahaztu non den

lurperatutako hitza

zein leku apartatuan datzan

ahanzturak ihartuko baitu

landa itzazu

hitz

arruntak

ohikoak

esaterako

eguna, arratsaldea, bidea, eguraldia, urtea…

ondo zainduz gero hazi egingo dira

bere bidea egingo dute argirantz

baina alda itzazu hitz debekatuak

ere

esaterako

gogoratu, laikotasuna, itxaropena,

homosexualitatea, berdintasuna, independentzia

elkartasuna, errepublika, humanitatea, pertsona,

umildadea, pentsamendua, kritikoa, komunismoa,

egia, eskola, publikoa, internazionalismoa,

kultura, feminismoa, jolasa

etorkizuna, zintzotasuna, kuriositatea, irribarrea, negarra

askatasuna, askatasuna, askatasuna

(hiru aldiz, bada ez bada)

ondo zaindu itzazu

ez ahaztu non diren aldatuak

zein lur muturrean datzaten

etzazu ordea hitza lurrean ito

etzazu hazia agortu

etzazu lurpean sartu isil dadin

Zulo ezezagunetan lurperatu zituzten aspaldian

hitz debekatuak

lur idorrean, haz ez zitezen, ihar zitezen

berunez estali zituzten, karez, porlanez

ordea beti badago zirrikitu bat

zirrikitu txiki bat

bertatik euriak bere bidea egiten du

eguzkiaren bero pittin bat sartzen

haize ufada ñimiñoa laztantzen

lur bazter ezezagunetako zirrikitu horietatik

hitz mutur txikia ari da gorantz

ahultasunean sendo

gorantz doa motel, haize freskoaren bila

eguzkiaren berotasunaren desiran

euriaz blai amets

hitza gero eta sendoago, indartsuago gorantz

askatasunerantz

han, mapetatik desagertutako

lur mutur ezezagun hartan

hitz bat ari da beruna, karea, porlana zartatzen

askatasunerantz

mundurantz

hitza da

Oroimena





X