Saltatu estekak

Kobane setiatua. Herri kurduarekiko elkartasuna!

Joxe iriarte, Bikila.
Alternatibako kidea

Duela 11 urte eman zuen bere burua ezagutzera Kobane Estatu Islamikoaren (ISIS) aurkako 136 eguneko erresistentzia historiko baten protagonista izan zenean. ISIS, erakunde ilunen artean ilunena, jihad izenpean mundua islamarentzat konkistatu eta emakumeak sexu-esklabo eta gerrako harrapakin bihurtu nahi zituen barbaroen armada garaitu zuten Kurdoek.


Kobane, herri martiria, konfederazio demokratikoaren isla, autogestioaren eredu, setiopean dago berriz ere. Oraingoan, Siriako trantsiziozko gobernuaren aldetik, Mendebaldeak, Estatu Batuek, Turkiak, Qatarrek, Israelek eta beste potentzia inperialista batzuek babestua, eta nazionalismo arabiar berritu batekin, Ahmad Al-Sharaa (Al-Jolani) Al-Qaedako eta ISISeko kide ohiaren gidaritzapean.

Siriako Armadaren mozorropean jarduten duten ISISeko talde eta militante ohiek sistematikoki urratzen dituzte giza eskubideak eta gerrako krimenak gauzaten dituzte okupatzen dituzten eremuetan: sarraskiak egiten dituzte, gorpuak torturatzen dituzte eta irudiak zabaltzen dituzte sare sozialetan izu psikologikoaren taktika gisa. Emakumeen bahiketa masiboa dokumentatu da, eta talde horiek argitaratutako bideoetan argi eta garbi adierazten dute bahitutako emakume kurduak “opari” gisa entregatzen dituztela komandanteentzat.

Bandera berrien pean indartzen ari diren talde jihadistak arriskutsuak dira munduko pertsona guztientzat. Aski da gogoratzea Mendebaldean batez ere sortu zen beldur-uholdea: 2015ean 130 hildako Parisen egindako eraso koordinatuetan, 2016an bonbardaketak Bruselako aireportuan eta metroan 2016an, 49 lagunen sarraskia Orlandoko Pulse klubean, 86 biktima utzi zituen kamioi-erasoa Nizan, atentatua Manchester Arenako kontzertuan 22 hildakorekin, eta eraso masiboak Bartzelonan.  

Krimen horiek ez ziren ekintza isolatuak izan:  terrore-estrategia deliberatu baten parte izan ziren. Gaur egun, erasotzaile horiek beraiek — kartzeletatik askatuak, berrarmatuak eta “legitimotzat” aurkezten diren Estatuek babestuak — Kobane inguratzen dute. Mendebaldearen eta mundu osoaren isiltasun konplizeak, ez ditu 14 mila martiri baino gehiago sakrifikatu zituzten kurduak traizionatzen bakarrik, mundu osoa arriskuan jartzen du ere. 

Urtarrilaren 19an, Siriako Indar Demokratikoek Rojavaren aurkako setioa genozidio bihurtzeko arriskuan zegoela, Rojavako erresistentziarekin bat egiteko hiru estatuko eta disporako herri kurduari altxatzeko deia egin zioten. Hurrengo goizean, Irakeko eta Turkiako herri kurdua — batez ere gazteak — Rojavako mugarantz irauli zen.   

Nusaybingo martxa handiaren ondoren, gazteek alanbre-hesiak eta mugako hormak zeharkatu zituzten, Poliziari eta Armadari aurre egin zieten, eta Rojavan sartzea lortu zuten.  Turkiako Estatuak mugan eraikitako harresia eraitsi eta muga kolonialak suntsitu zituzten.

Urtarrilaren 20ko lehen orduetan AEBek Erbilen, Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko hiriburuan, duten kontsulatuaren aurrean hasi ziren protestak berehala zabaldu ziren Irakeko beste hiri batzuetara. Izan ere, arriskua muturrekoa da, Rojavako autonomia demokratikoa elkarrekin eraiki zuten herri kurduak, emakumeek eta gutxiengoek — yezidiek, kristauek, asiriarrek eta armeniarrek — berehalako genozidioa dute aurrez aurre. Al-Jolani-Ahmad Al-Sharaaren gobernuaren erasoek, potentzia kolonialek babestuta, ez dute soilik autonomia proiektua deuseztatzea bilatzen, baizik eta herri kurdua eta gutxiengoak sistematikoki akabatzea, mertzenarioak eta jihadistak odolarekin, diruarekin eta lurraldearekin saritzeko.

Bitartean, Qatarrek finantzatutako Al Jazeera eta Middle East Eye hedabideek ankerkeria horiek estaltzen dituzte eta Siriako Armadaren indarkeria nazionalismo arabiarraren erretorikaren pean legitimatzen dute, milioika konplize bihurtuz gaur, eta ziurrenik biktimak bihar. Aldi berean, Turkiako Estatuak gerra zibernetikoa hasi zuen sare sozialetan tokiko hedabideen milaka kontu itxiz eta kurduen albiste-agentzien orriak blokeatuz, egia isilarazten saiatuz.

Historia errepikatzen da. Herri kurduak historian zehar jasan duen hondamendi handienetako bat, zalantzarik gabe, bere lurraldea lau zatitan banatu izana da, gizarte kurdua estatu-nazioek ezarritako mugen bidez bereiziz. Iran, Irak, Siria eta Turkiako estatuek hitzez hitz harrapatu dituzte kurduak beren estatu-nazioen barruan.

Urtarrilaren 26an Kobaneren askapenaren hamaikagarren urteurrena betetzen da. 2015eko egun horretan,  YPGek (Herriaren Autodefentsarako Unitateak) eta YPJek (Emakumeen Autodefentsarako Unitateak) Kobane askatu zutela adierazi zuten 136 eguneko erresistentzia heroikoaren ondoren, “Kobane jada ez da dolu-leku bat” aldarrikatuz. Askatasun-itsasargi bihurtu zuten munduarentzat.

Gaur, hamaika urte geroago, askatasun hori bera dago berriro setiatuta. Baina gogoan dugu: Kobane ez zen erori bakarrik egon ez zelako. Milaka pertsonak mugak zeharkatu zituzten, Estatuei desafio egin zieten, bizia arriskatu zuten hura defendatzeko. Gaur, Kobanek berriro deitu gaitu. Hesia apurtzeko eskatzen digu, indarrak ugaritzeko, bere erresistentzia geurea egiteko.

X