Urtero, azaroaren 25a iristen denean, instituzioek beren eszenografia morea zabaltzen dute. Adierazpen solemneak, kalkulatutako mezuak, konpromisoa transmititu nahi duten argazkiak itzultzen dira. Esfortsu haundirik gabe konturatzen zara hori guztia eszenografia bat baino ez dela, ez duela konpromiso politiko haundirik. Emakumeen aurkako indarkeriari ez zaio keinu sinbolikoekin aurre egiten, politika ausartekin, bermatutako baliabideekin eta desberdintasunik sortzen ez duten egiturekin baizik. Hala ere, maizegi ikusten duguna justu kontrakoa da: publikoa izan beharko lukeena pribatizatzen duen deriba instituzionala, lan feminizatuak prekarietatean mantentzen dituena eta jada bazterretan bizi direnak sostengurik gabe uzten dituena.
Eszenatoki horretan, Euskal Herriko transfeminismoaren, trans pertsonen eta zisnormari aurre egiten dioten identitate guztien aurkako giro politikoa finkatu da. Lehen begiratuan erreakzio isolatuen multzo bat irudi lezakeena, benetan, ondo artikulatutako ofentsiba baten ageriko emaitza da. Eskuineko sektore atzerakoienek eremu emankor bat aurkitu dute sexu- eta genero-aniztasunean, beldurrak sortzeko, tentsioak sortzeko eta alarma moraleko diskurtso iraunkor bat aktibatzeko. Argudio berberak errepikatzen dira, patroi berak kalkatzen dira, existitzen ez den mehatxu baten sentsazioa eraikitzen da, eta, sare sozialen bidez, mezu bakoitza anplifikatu egiten da, gorrotoa etengabeko zarata bihurtu arte.
Mekanismoa sinplea eta erabat kaltegarria da: lehenik proiektu transfeministak gutxiesten dira, gero nortasunak zalantzan jartzen dira, ibilbideak manipulatzen dira, susmoak ereiten dira eta, azkenik, kolektibo osoak seinalatzen dira, haien existentzia hutsa gainerakoentzat ohartarazpen bat balitz bezala. Azken asteotan ikusi dugu nola hainbat feminista eta aktibista jazarri dituzten sektore horiek, haien izenak, gorputzak eta ideiak jopuntu bihurtu dituzte. Alternatibatik gure babesa berretsi nahi diegu proiektu transfeministei eusten dieten eta gorputza eta ahotsa lehen lerroan jartzen dituzten kide guztiei. Bat ukitzen badigute, denak ukitzen gaituzte.
Horri guztiari indarkeria digitalaren hedapena gehitu behar zaio, emakumeen eta sexu eta genero disidentziaren aurkako fronte oldarkorrenetako bat bihurtu baita. Lehen espazio txikietan gertatzen zena ordu batzuetan biderkatzen da orain: etengabeko jazarpena, difamazio-kanpainak, mehatxu zuzenak, datu pertsonalen hedapena, zaintza eta seinalatzea. Espazio publikotik kanporatu nahi gaituen estrategia politiko baten aurrean gaude ahots kritikoak isilarazi eta mezu argi bat bidali nahi duena: Arauari aurre egiten diotenek prezio haundiago ordaindu behar izango dute existitzeagatik, ixilik ez egoteagatik eta erresistitzeagatik.
Bien bitartean, berdintasunarekiko konpromisoaz harrotzen diren erakundeek behin eta berriz erakusten dute indarkeria horiei erantzuteko gaitasunik ez dutela. Ez dira akats puntualak, egiturazko patroi bat baizik: Prestakuntza feminista eskasa biktimei lagundu beharko lieketenen artean, berriz biktimizatzen duten prozesu judizialak, funtsezko zerbitzuak kanpora ateratzea, emakumeak muturreko zaurgarritasunera bultzatzen dituzten migrazio-legeak. Horrek guztiak agerian uzten du oraindik ere indarkeria matxista arazo indibidualtzat hartzen duen sistema bat, gizarte-ordenatik deskonektatuta dagoena, eta arau zisheteropatriarkala gorpuzten dutenak pribilegiatzen dituena.
Indarkeria instituzionala ere indarkeria matxista da. Berdintasunaz hitz egiten duten udalek egiten dute, berdintasunari eusten dioten proiektu komunitarioei jaramonik egiten ez dieten bitartean. Funtsezko zerbitzu publikoak interes pribatuei ematen dizkieten aldundiek gauzatzen dute. Sistema judizialak babesa baino beldurra sortarazten du. Emakumeak eta sexu eta genero disidenteak baztertzen dituendituen legedia. Erakunde horiek berdintasunari buruzko diskurtsoak egiten dituztenean, beren zeregina zalantzan jarri gabe, huts egiteaz gain, ustez borrokatu egiten duten indarkeria bera iraunarazten laguntzen dute.
Kontrako testuinguru horretan, feminismoa da oraindik ere botereari deserosotasun handiena eragiten dion mugimendua. Deseroso dago beste batzuek ezkutatu nahi dutena adierazten duelako; egiturazko desberdintasuna izendatzen duelako; batzuek behar duten ordena ezbaian jartzen duelako. ondorioz, faxismoak bere lehentasunezko helburuen artean jarri du. Ez da kasualitatea. Feminismoak bere gezurrak azaleratzen ditu, bere nostalgia autoritarioa desegiten du eta guztia “bere lekuan” zegoen iraganaren ilusioa hausten du. Horregatik desitxuratzen, kriminalizatzen eta barregarri uzten dute. Horregatik diogu, behin eta berriz, feminismorik gabe ez dagoela benetako demokratizaziorik, ez justizia sozialik, ez emantzipaziorik.
Feminismoa arrazismoaren aurkakoa izango da edo ez da izango. Ez dago berdintasun posiblerik sistematik indarkeria gehien jasaten dutenak baztertzen badira. Ez dago askatasunik batzuentzat, guztientzat ez badago.
Egun gutxi barru, Bilboko kaleak beteko ditugu. Eta hori egitean, ez dugu ahaztuko gure aurretik zeudenen indarra: Basauriko 11ak, borroka sindikaletan etxeetako bizitzei eutsi zietenak, beren erakundeen barruan (ere bai) isilarazten saiatu ziren eta ozenago oihukatu behar izan zuten feministak. Gaur egun elikatzen jarraitzen dugun askatasun haize hori jotzen hasi ziren, eta oxigeno feminista eman zioten Euskal Herriari. Oroimen hura da gure barrikada; haize hura, gure indarra. Askatasun haizea gara.
Herri-mobilizazioak eraldaketarako eta emantzipaziorako gure tresnarik indartsuena izaten jarraitzen du. Feminismoak behin eta berriz erakutsi du hori: batzarretan, lanuzteetan, greba orokorretan, bizitzaren defentsa kolektiboan. Betidanik bereak izan diren borrokak bere egiten jakin izan du, hala nola, antigitanismoaren aurkako borroka, Atzerritartasun Legea salatzea, zaintzak eskubide gisa defendatzea eta ez negozio gisa. Azaroaren 25ean kaleetara itzuliko gara gure herrietako mugimendu feministaren deialdietan.