Saltatu estekak

Oreretan euskaraz bizi nahi dugu

Koldo Huidobro ·

Azken gertakariak eta gero, argiago ikusten ari gara: euskararen aurkako oldarraldia ez da asmakizun bat, ezta gehiegikeria ere. Euskararen normalizazioaren aurka ari diren sektoreak, modu antolatuan ari dira. Estrategia bat dago atzean: euskararen presentzia zalantzan jartzea eta lortutako aurrerapausoak atzera botatzea nahi dute.

Nik gauza oso sinple bat nahi dut: Nire herrian, Oreretan euskaraz bizi nahi dut, eta nire eguneroko harremanak euskaraz egin nahi ditut: medikuan, tabernan zein udaletxean. Hori ez da inolako pribilegio bat, ez da inposizio bat; herri honetako hizkuntza erabiltzeko eskubidea baizik.

Euskararen presentzia sendotzen den bakoitzean, diskurtso bera agertzen da: “inposizioa”. Euskararen aldeko neurriak gehiegizkotzat aurkezten dira, eta hizkuntza eskubideen aldeko politikak askatasunaren aurkako neurri gisa saldu nahi izaten dira. Diskurtso horrek, ordea, helburu oso argia du: euskararen normalizazioa ahultzea.

Horren atzean zer dagoen argi ikusten ari gara. Argiak kaleratutako ikerketek erakutsi dute euskararen aurkako oldarraldia antolatua dela, eta atzean CCOO sindikatuko kideak eta abokatu berdinak daudela.  Abokatu horrek bideratu ditu azken urteotan euskara eskakizunen kontra jarritako helegiteak, eta ehunka lanposturi eragin diete.

Horregatik, Errenteriako azken gertakaria ez da anekdota bat, ez da herri bateko gatazka txiki bat; Euskal Herri osoan gertatzen ari den joera baten parte baizik. Euskarak azken hamarkadetan egindako aurrerapausoak kolokan jartzeko saiakera baten barruan ulertu behar da.

Eta badago paradoxa bat. Euskaraz bizi nahi dugunok askotan geu aurkezten gaituztela inposatzaile gisa. Baina errealitatea kontrakoa da. Guk ez diogu inori bere hizkuntza zapaltzea nahi, ez dugu inor baztertu nahi. Euskaraz bizitzeko aukera errealak egotea nahi dugu: administrazioan, lanean, kalean eta zerbitzu publikoetan.

Askatasunaren izena askotan erabiltzen da eztabaida honetan. Baina galdera sinple bat egin behar da: zer askatasun mota da hizkuntza gutxiagotu baten eskubideak ahultzen dituena?

Horregatik, gaur egun ezinbestekoa da gauzak bere izenez esatea. Euskararen aurkako oldarraldia existitzen da, eta modu antolatuan egiten ari dira. Horren aurrean, ezin gara neutraltasun faltsu batean ezkutatu.

Horregatik txalotzekoa da Orereta/Errenteriako udal-taldeek erakutsitako jarrera. Oldarraldi honen aurrean argi hitz egin dute eta euskaraz bizitzeko eskubidea defendatu. Halako uneetan garrantzitsua da erakundeek ere posizio argia hartzea: hizkuntza eskubideak defendatzea ezinbestekoa da, eta euskarak bere lekua izan behar du herri honetako bizitza publikoan.

X