Erakundeei “irakurketa eta soluzio globala” eskatzeaz gain, Kutxabanki ere inplikazio eta konpromiso zehatzak eskatu dizkio, “baduelako zer egina industria sektorea indartu eta mantentzeko bidean”.
Gasteizen emandako prentsaurrekoan, EH Bilduk “esku hartze publiko zuzena eta serioa eskatu die administrazio guztiei, Fagorrek eta inguruko enpresetako lanpostu guztiak erreskatatzeko. “Epe laburreko eta arazoa bere osotasunean aztertzen ez dituzten iragarpenak ez dute sakoneko arazoa konpontzeko balio izango”, salatu dute. Horren haritik, “elkarlanean soluzio integralak bilatzeko” eskaria luzatu die erakunde ezberdinei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, atzoko bilerara “itxiera zertifikatzeko borondatearekin soilik joan baitzen”.
Koalizioaren izenean Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideek prentsaurrekoan oso kritiko agertu dira Jaurlaritza eta MMCrekin, prozesuan egiten ari diren kudeaketarekin. “Gobernuak ez dauka argi ze industri politika jarraitu eta bultzatu behar duen, herri honetako industriak eta sektore estrategikoek aurrera egin dezaten”, kritikatu dute. Gainera, Fagorren itxieraren prozesu osoan egon den “gardentasun eza” salatu dute. “Batzuk diskrezioaren beharra aldarrikatu dute, gardentasun falta ezkutatzeko, bereziki langile eta kaltetuekiko. Guk gardentasun falta atzeman dugu, ez diskrezioa”.
“Epe laburreko erabakietatik eta erabaki partzialetatik aldendu egin behar gara. Irakurketak eta azterketak globala izan behar du, eta erakundeei elkarlanean aritzeaz gain, Kutxabanki ere inplikazioa eta konpromiso zehatzak eskatzen dizkiogu, herri honen industria mantendu eta indartzeko prozesuan”, gaineratu dute.