Saltatu estekak

Gipuzkoak ez du utziko egoitzak kudeatzen dituzten enpresek grebatik onura ekonomikorik ateratzea

Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu du Foru Gobernuarentzat garrantzizkoa dela diru publikoa modu arduratsuan, eraginkortasunez eta gardentasunez kudeatzea. Horregatik, ezin du onartu greba dagoen bitartean eman ez duten zerbitzuengatik administrazioaren dirua jasotzen duten enpresak egotea, eta  are gutxiago langileei dagokien soldataren zati batekin geratzea. Hori dela eta, egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten enpresei Gizarte Politikako Departamentuak hilero ordaintzen dien tarifatik kendu egingo da enpresa horiek, greba irauten duen bitartean, langileei ordainduko ez dieten zenbatekoa.

Neurri hori  joan zen otsailean jarri zen abian lehen aldiz, hiru egun iraun zuen lan uztean. Orduan, Foru Gobernuak 81.278,66 euro kendu zituen enpresei ordaindutako tarifatik.

María del Río, Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusiak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak hilero ordaintzen diela tarifa bat Gipuzkoako egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei, honako gastu hauek hartzen dituena: ostatua, mantenua, garbiketa, etab. (tarifaren % 30) eta langileen soldatak (tarifaren % 70). Greba dagoenean, enpresek ez diete ordaintzen langileei lanera joan ez diren egunengatik. Hala ere, aurreko legealdietan, Foru Aldundiak ordaintzen jarraitzen zien tarifa berbera entitateei, nahiz eta jakin soldatei buruzko gastua txikiagoa zela. Hori dela eta, enpresek onura ekonomikoak ateratzen zituzten mobilizazio horietatik, langileek beren soldataren zati bat galtzen zuten bitartean.

“Egoera hori ez da berriz errepikatuko. Grebalariei soldata murrizten dieten enpresek beren diru sarrerak ere murriztuak izango dituzte”, amaitu du Del Ríok.

X