[H]aga·
Ezker subiranistaren ikuspegitik pentsatzeko, eztabaidatzeko eta testuinguruak eraldatzeko sortu da [H]aga espazioa, Alternatibak bultzatuta. Hala aurkeztu da espazio berria gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herriko zein Estatuko hainbat herrietako alderdi, fundazio, elkarte eta mugimenduen aurrean egindako ekitaldian.
Nayua Aduh Jatri [H]agako kidearen hitzetan: «Prestakuntzarako espazioa da Haga, hausnarketarako eta politizaziorako espazioa. Pentsamendu kritikotik Euskal Herria ulertzeko eta, Euskal Herritik, mundua ulertu eta eraldatzeko tresna izan nahi du».
Feminismoa ardatz hartuta, zapalkuntza guztiekin amaitzeko ekarpen politikoak egiteko asmoa argi utzi du [H]aga espazioko ordezkariak: «Feminismoa, dena aldatzeko. Feminismoak ezkerreko subiranotasunaren ardatza izan behar duelako, eraldaketak feminista izan behar duelako eta hortik, feminismotik, eraiki nahi dugulako eskaintza sozialista, antikapitalista, ekologista, antikapazitista, internazionalista eta dekoloniala. Ez dugu jendartea esplotatzen eta menderatzen duten forma guztien azterketa soila egin nahi; horiek iraultzeko tresnak ere izan nahi ditugu».
[H]aga Alternatibak duela urtebete abiatutako hausnarketa-prozesu baten ondorioa dela adierazi du Aylen Marinero elkarteko arduradunak: «Alternatibak ordezkatzen duen espazio politikotik gure herria eta jendearen bizitzak hobetzeko egin dezakegun ekarpena birformulatzeko tresna da gaur aurkeztu nahi dizueguna».
Aurkezpen-ekitaldia amaituta, jardunaldietako mahai-inguruak hasiko dira. 12:30ean, «78ko erregimena: esku hartutako demokrazia bat?» mahai-inguruan, Amaiur Egurrola Ernaiko kideak, José Ignacio García Adelante Andaluciako legebiltzarkideak eta Antonio José Montoro Mundubateko koordinatzaile orokorrak hartuko dute hitza, María del Ríok moderatuta.
Arratsaldean lau mahai-inguru egingo dira. 16:30ean, «Kaos geopolitikoa» aztertuko dute Chaimaa Boukharsa Afrocolectivako kideak, Alejandro López Descifrando la Guerrako zuzendariak eta Asier Blas GeopolitikaZ ikerketa-taldeko kide eta EHUko irakasleak, Nahia Sanzo soziologo eta kazetariak gidatuta.
Ordu berean, beste areto batean, «Kultura antifaxista» izango dute hizpide Albina Stardust drag artistak, Mikel Herrán dibulgatzaile eta Arkeologian doktoreak eta Pastora Filigrana abokatu eta idazleak. Joxemari Carrere kulturgileak gidatuko du mahai-ingurua.
Arratsaldeko azken zatian, 18:30etik aurrera, «Komunikabideak eta faxismoaren gorakada» izango dute hizpide Elena Reines publizista eta kazetariak, Joaquín Urías Konstituzio Zuzenbideko katedradunak eta Jonathan Martínez komunikazio-arloko ikertzaileak, Maite Asensio kazetari eta idazle feministak moderatuta.
Azkenik, ordu berean, borroken intersekzionalitateaz arituko dira Rosa María García komunikatzaile eta ikertzaile ez-bitarra, Tatiana Romero ikertzaile eta ekintzailea eta Ibai Atutxa ikertzaile eta EHUko irakaslea, Klaudia Ugarte ekintzaile bollera eta feministak gidatuta.

































































































