Saltatu estekak

Alternatibak ekonomiaren uberizazioa eta honek dakarren prekarietatea aztertuko ditu Gasteizen

Datorren asteartean, otsailaren 25ean, Alternatibak “Ekonomiaren uberizazioa: XXI. mendeko esklabotza” lemapeko hitzaldia antolatu du bere Gasteizko egoitzan.Bertan, errealitate hau gertutik ezagutzen duten hizlarien eskutik, aztergai izango du Glovo, Deliveroo eta Uber Eats bezalako enpresek ekonomia kolaboratzaile gisa mozorrotzen duten lan baldintzen prekarizazioaren urrats berri hau. Izan ere, “Riders” ezizena duten autonomo faltsuen lan baldintzak esklabotzatik hurbil daude.
Hain zuzen ere, banatzaile hauek egunerokotasunean pairatzen duten errealitate gordina islatuko duen dokumental labur batekin hasiko da hitzaldia. Langile hauek baliabide guztiak jartzen dituzte –txirrindulak, kotxeak, denbora, osasuna…- eta erraldoi digitalek haien zerbitzuengatik kobratzen dute, bitartekari bezala app soil bat jartzen dutela.

Ondoren, ahots desberdinek, prekarizazio mota berri honen paradigmari helduko diote, beste lan irtenbiderik ez duten gazteak, eta maiz, lan merkatuan are aukera gutxiago duten etorkinek pairatzen dutena. Horrela, hizlari lanetan izango dira:  ‘Glovo’-ko langile Cristina Gonzalez, bere bizipen pertsonala kontatzeko; UPV-EHUko irakasle Andrea de Vicente, kontratazio digital mota honen zirrikitu ilunez arituko dena. Bestetik, Glovon eta Telepizzan infiltratuta egondako Paul Ianok hitz egingo du; eta azkenik, Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarrona praktika honen kontra Eusko Legebiltzarrera eramandako ekimenez arituko da.

Ekitaldia datorren asteartean, otsailak 25, egingo da 19:00etatik aurrera Alternatibaren Arabako egoitzan, Gasteizko Herrandarren kaleko 25. zenbakian (autobus geltoki zaharraren aurrean). Irekia izango da aretoa bete arte.

X